Amonak tribunatik.

0 Flares Twitter 0 Facebook 0 0 Flares ×

Azkenik Anoetan egiteko eguna iritsi zen. Duela hilabete dexente adierazi ziguten Itsas Lapurrak bertan egiteko interesa eta lehenengo saiakeran lortu ez bazen ere Dantza-soka egunean egiteko aukera aurrera atera zen.

Bai Anne eta bai Amaiur Anoetarrak ditugu, eta ez da Haatikekin bertan dantzatzen duten lehen aldia. Errimak Oinetan ikuskizunarekin ere izan bait ziren dantzatzen duela bi urte pasatxo. Eta Anne izan zen kominukabideetan emanaldiaren berri zabaltzeko arduradun suertatu zena, ondo gainera. Irratiz eta astekarian berarekin elkarrizketa zabaldu zuen Tolosaldeako Atariak. Amaiur aldiz, Bartzelonatik etorri arazi genun. Bertan Dantza ikasketak burutzen dihardu eta. Baina nola ez, ilusio handiz egin zuen bidaia.

Berriz ere eguraldiari begira pasa genuen goiza. Beno, egia esan euriari begira. Goizean ospatzen zen soka-dantza euritan egin behar izan zuten eta eguna aurrera joan ahala, hobekuntzarik nabari ez zenez emanaldia frontoira pasatzea erabaki genuen.

Herriko agintariak bagina bezala udaletxeko plenoa izan zen gure aldalekua. Ohiko normaltasunean lanerako arropa jantzi, dantza lekua prestatu, kutxa frontoiko aldapa gabeko lur lixoan frogatu, musika ahal bezain ondoen entzun zedin saiatu, eta nola ez Amaiurrek aspaldi egin gabeko emanaldia izanik, fundamentuzko entsegu bat egin genuen. Ordua iristen ari zen eta berriro udaletxera abiatu ginen jantzi eta makillatzera. Bertan urduritasun barre eta pololoen hausturen artean eta dantzariren baten azken minutuko margoketa lanen ondoren, ekin genion emanaldiari.

Frontoiko goikaldeko “grada” bete beterik zegoen. Adin guztietako ikusleak…Helduak, gazteak eta umeak. Baina benetan esanguratsuena beheko partean dantza lekuaren lehen lerroan zineko zuzendariak baitlira zeuden bi emakumeak ziren. Urteek ez bait dute barkatzen eta kale ikuskizuna izateak ez du oztopatzen norberak ahalik eta modu erosoen ikusteko aukera ez egotea. Beraz, bi aulki lehen lerroan ipini eta luxuzko tribuna prestatu zuten emanaldia adi adi ikusi ahal izateko.

Eta egin genuen emanaldia. Txalo ugari eta berriz ere ikusleak gustora gelditu izanaren sentsazioarekin. Emanaldiz emanaldi ume eta gaztetxo gehiago ikusten ditugu Itsas Lapurren abenturaz gozatzen. Egia da gaiak erakargarritasuna duela haientzat eta famili giroan ikusteko emanaldi egokia dela ohartu gera gu ere. Hau baieztatuz, Irurako ikastolatik Itziarren ikasle asko ikusi ahal izan genituen emanaldiaren ondoren harekin kutxaren gainean argazkiak ateratzen.

Ba amaitu aurretik, gure eskerrik beroenak eman frontoia bete zenuten guztiori, eta nola ez Anoetako herriari eta udalari, bereziki Tere eta Izaskuni bertan izateko aukera emateagatik.