Lanak – Ilargiaren Malkoa

0 Flares Twitter 0 Facebook 0 0 Flares ×
portada_ilargiaren

 

Lehen zatia: ILARGIAREN SUKAR GALDUA

Koreografia: AIERT BEOBIDE Musika: MIKEL LABOA

“Udazkeneko eurixkak ezurretako muiña bilatzen duen bezela datorkigu Mikel Laboa-ren abestia, oihanek zuten babesa, ilargiaren sukar galdua, lurrean sortu eta gizaldiek landu duten kantuari jarraipena emanez, aldiak legundutako gizarteari bere nortasuna erdietz dezan laguntzen. Bere basa-botsak, apalki, gogo-bihotzez bero eta garbi jartzen du itza soiñu bihurtuaz kantua sor dedingure baitan.”

(Mikel Laboaren 2 diskaren azaleko testua)

Mikel Laboaren obrak eta bizitzak gugan izan duten eragina azaldu nahi dugu sorkuntza-lan honetan. Bere lan-zutabe izan zirenak gurean ikusten baititugu. Eta horietan sakonduz, Laboaren abestiek sortzen dizkiguten sentimenduak agertu nahi ditugu.

 

Bigarren zatia: LUR ZURI AGA

Koreografia: AIERT BEOBIDE

Musika: PASCAL GAIGNE (LOS MUNDOS SUTILES, soinu banda originala)

Bideoa: AKENE FILMS

Kameralariak: BEÑAT GANTXEGI eta IZASKUN BERNEDO

Errealizazioa eta edizioa: IZASKUN BERNEDO

Bisitan joan ginen, bertan zer aurkituko genuen jakin gabe. Batetik, eraikinak beldurra ematen zuen, baina, bestetik, bertako txoko guztiak ikusteko beharra sumatzen genuen. Ordurako hutsik zeuden hango espazio asko, zikinkeriaz hutsik. Hamaika bizipen ilun izan ondoren, grafitiz beteriko pareta koloretsuek, garraxika, beteko zituzten ideia eta ilusio berriak eskatzen zituzten. Begiradaren aurrean irekitzen zihoazen leiho eta aterik gabeko espazioek, gelek, eskailerek eta pasillo amaigabeek… gure irudimena esnatzen zuten. Ohartu orduko, eraikinaren atzaparrek harrapatu baligute bezala, sentitzen ari ginena adierazteko bultzada eta beharra izan genuen. Handik irtetean, pentsamendu eta ilusio asko bertan geratu ziren.

2014ko martxoan Luzuriaga Martxan ekimena sortu zen, eta Pasai Antxo eta Donostia arteko mugan dagoen Vitorio Luzuriaga galdategi ohia berrokupatu eta auzolanean garbiketari ekin zioten. 1990ean itxi zen eraikina, eta, ekimen honen bitartez, iraganean bezala, Antxoko eragile sozial nagusi izatea dute helburu. Oraingoan, ordea, ekintza soziokulturalak garatzeko. Herritik eta herrirako.

SENTITU, SORTU, ERAKUTSI ETA ZABALDU

 

Hirugarren zatia: MALKO ISURIA

Manu Badiolaren omenez

Koreografia: VITALI SAFRONKINE

Musika: PHILIP GLASS

Galdu duzu inoiz hurbilekoren bat? Zure bizitzaren zati zena edo, beharbada, zure bizitza bera zena? Joan bai, baina, joan arren, betiko zure ondoan egongo den pertsona bat? Bikotea galdu zuen emakumearen oroitzapenak kontatzen ditu Safronkineren sorkuntza-lanak: heriotza oso gogorra izan arren, oroitzapen goxoak gordetzen ditu bere barnean, maitasuna eta elkarrekin konpartitutako zoriontasuna bizi-bizi ditu gogoan. Ametsa amesgaizto bihurtu zaio. Baina amesgaiztotik esnatzen denean, malkoak erortzen hasiko zaizkio…

Bere familian bizi izandako gertakizun batean oinarritu da Safronkine Malko Isuria sortzeko: senide batek mendian bizia galdu izana, eta bere heriotzak hurbilekoenei eragindako mina dira kontakizunaren ardatza.

 

FITXA ARTISTIKOA

Zuzendaritza: AIERT BEOBIDE

Dantzariak:

GARAZI LEKUONA, IRATI SORONDO, AIERT BEOBIDE, JON ARSUAGA, IKER SANZ, ITZIAR DOYHARZABAL, AMAIUR LULUAGA eta ANNE JAUREGI

Argiztapena: ANARTZ BEOBIDE

Jantziak: RAMÓN GARCÍA

Zuzendaritza artistikoa: OLATZ BEOBIDE

Irudia eta komunikazioa: IURRE ARANBURU

Amaierako olerkia: JOXEAN ARTZE

Amaierako musika: PASCAL GAIGNE, Vals de infar(c)to

LOTURAK

EUSKADI IRRATIA AMARAUNA

Ilargiren Malkoa ikuskizunaren aurkezpena Aiert Beobiderekin: