Author: Komunikazioa

  • Estrenaldia!

    Estrenaldia!

    Azkenik aurkeztu degu Hormek Diote proiektuko antzokiko bertsioa. Benetan izugarria bertan parte hartu duen lan taldea, izugarrizko artistak zarete guztiak! Gustora eta pozik amaitu genuen Lasarteko Manuel Lekuonan eskeinitako lanarekin. Eta oraindik gustorago gaude proiektu hau abian jarri zutenen hitzak irakurri ondoren…

     

    “Haatikek sortutako Hormek diote on stage lanak ilusio handia egin digu eta opari bat da, hiriburutza kulturalaren emaitza eta legatu nabarmena baita. Proposamenak zintzoki jasotzen du proiektuaren ispiritua, proiektuaren gainean begirada berri eta fresko bat dakar, eta proiektuari bizitza berri bat eskaintzen dio. Parte hartu duten artisten lanak formatu berri honetan ikustea, non diskurtso eta hausnarketak primeran jaso diren dantzaren eskutik, desberdinen artekoen elkarlanak duen balore handia azpimarratzen du.”

    INESA ARIZTIMUÑO

    Bakearen itsasargia / DSS2016EU

    “#HormekDioteOnStage prestatu bitartean, Haatik-eko kideek modu ezin hobea laburtu dute proiektuaren jatorriaren nondik nora. Orain, oholtzaren gainean, 2016an zehar zatika aurreratu zutena gorpuztu dute. Alabaina, hau ez da errepikapen bat. Hau saio berria da. Izaera propioa duena. Haatik-ek bi gauza lortzen du emanaldi honetan. Lehenik eta behin antzoki batean kalean dauden bost hormatzar sartzea. Benetan, hormak bertan daude! Bigarrenik, dantza ariketa bikaina osatu dute. Espresio hutsa da egiten duten dantza, elkarbitziza, hori baitzen jatorrian gaia, landu, sufritu eta gozatu egin den sentimendua dela adieraziz. Merezi izan du! Mila esker!”

    DAVID ZAPIRAIN

    Ereiten Kultur Zerbitzuak

     

  • Amonak tribunatik.

    Amonak tribunatik.

    Azkenik Anoetan egiteko eguna iritsi zen. Duela hilabete dexente adierazi ziguten Itsas Lapurrak bertan egiteko interesa eta lehenengo saiakeran lortu ez bazen ere Dantza-soka egunean egiteko aukera aurrera atera zen.

    Bai Anne eta bai Amaiur Anoetarrak ditugu, eta ez da Haatikekin bertan dantzatzen duten lehen aldia. Errimak Oinetan ikuskizunarekin ere izan bait ziren dantzatzen duela  bi urte pasatxo. Eta Anne izan zen kominukabideetan emanaldiaren berri zabaltzeko arduradun suertatu zena, ondo gainera.  Irratiz eta astekarian berarekin elkarrizketa zabaldu zuen Tolosaldeako Atariak. Amaiur aldiz, Bartzelonatik etorri arazi genun. Bertan Dantza ikasketak burutzen dihardu eta. Baina nola ez, ilusio handiz egin zuen bidaia.

    Berriz ere eguraldiari begira pasa genuen goiza. Beno, egia esan euriari begira. Goizean ospatzen zen soka-dantza euritan egin behar izan zuten eta eguna aurrera joan ahala, hobekuntzarik nabari ez zenez emanaldia frontoira pasatzea erabaki genuen.

    Herriko agintariak bagina bezala udaletxeko plenoa izan zen gure aldalekua. Ohiko normaltasunean lanerako arropa jantzi, dantza lekua prestatu, kutxa frontoiko aldapa gabeko lur lixoan frogatu, musika ahal bezain ondoen entzun zedin saiatu, eta nola ez Amaiurrek aspaldi egin gabeko emanaldia izanik, fundamentuzko entsegu bat egin genuen. Ordua iristen ari zen eta berriro udaletxera abiatu ginen jantzi eta makillatzera. Bertan urduritasun barre eta pololoen hausturen artean eta dantzariren baten azken minutuko margoketa lanen ondoren, ekin genion emanaldiari.

    Frontoiko goikaldeko “grada” bete beterik zegoen. Adin guztietako ikusleak…Helduak, gazteak eta umeak. Baina benetan esanguratsuena beheko partean dantza lekuaren lehen lerroan zineko zuzendariak baitlira zeuden bi emakumeak ziren. Urteek ez bait dute barkatzen eta kale ikuskizuna izateak ez du oztopatzen norberak ahalik eta modu erosoen ikusteko aukera ez egotea. Beraz, bi aulki lehen lerroan ipini eta luxuzko tribuna prestatu zuten emanaldia adi adi ikusi ahal izateko.

    Eta egin genuen emanaldia. Txalo ugari eta berriz ere ikusleak gustora gelditu izanaren sentsazioarekin. Emanaldiz emanaldi ume eta gaztetxo gehiago ikusten ditugu Itsas Lapurren abenturaz gozatzen. Egia da gaiak erakargarritasuna duela haientzat eta famili giroan ikusteko emanaldi egokia dela ohartu gera gu ere. Hau baieztatuz, Irurako ikastolatik Itziarren ikasle asko ikusi ahal izan genituen emanaldiaren ondoren harekin kutxaren gainean argazkiak ateratzen.

    Ba amaitu aurretik, gure eskerrik beroenak eman frontoia bete zenuten guztiori, eta nola ez Anoetako herriari eta udalari, bereziki Tere eta Izaskuni bertan izateko aukera emateagatik.

  • Bai, Andoainek badu espigoia!

    Bai, Andoainek badu espigoia!

    Apirilean Dantza nonahi aurki dezakegula gabiltza. Esate baterako, Andoainen dantzaren hilabetea ospatzen dihardute. Eta hantxe izan ginen gu ere azken lanarekin.

    Hirutik hirugarren ikuskizuna eskeintzen degun lehen herria izan da. Eta ziurrenik horrexegatik, Andoainen etxean bezala aurkitzen gera. Oraingoan kale ikuskizuna izanak, herriko txoko polit bat ezagutzera eta ezagutaraztera eraman gintuen. Bertakoak ez zirenak Andoainek espigoia zuenik sinistea kostatu zitzaien arren, Itsas Lapurren lana ikusteko toki paregabe batekin egin zuten topo.

    la foto 1

    Noiz behinka laino ilun batek  gure begirada zeruan jartzera eramaten bazigun ere, eguraldia lagun genuela iritsi ginen bertara. Berriz ere Basteroko kamerinoak ziren gure aldaleku. Entsaiatzeko eroso prestatu eta bertaratu ginen espigoira. Han zegoen ordurako besteetan baina geixeago izerdituaraziko zigun kutxa gurpilduna. Xabi ere han zen soinu ekipoari azken ikutuak ematen, eta baita Anartz ere dena prest uzteko asmoz.

    la foto 3

    Nerea omen da herrian ezagun, dantzari izateaz gain bertan irakasle bait da. Aiurri aldizkariak zabaldu zuen guzti hau, beraz, ikasleren bat edo beste ikustera urbilduko zitzaiolaren susmoa zuen.

    Dena prest zela, hasi ginen gure entsaioa. Espazioa hartu, kutxa gurpilduna aldapa adokinatuan gora eta behera frogatu, musika bolumen egokian jarri…ohartu orduko jende mordoa genuen begira…eta esker onez pasarte bakoitzaren amaieran txaloka hasten ziren.

    la foto 4

    Entsaioa amaituta, orain bai, jantzi eta makilatzeko unea zen.

    Bagenuen jendea ikustera etorriko zenaren esperantza. Gainera, Iñigoren lehen emanaldia eta Nagoren bigarrena izateak, lagun eta senide batzuek erakarriko zituela bagenekien ere. Eta halaxe izan zen. Santa kruz ermitaren inguruak gainezka zeuden gu bertaratzerako. Baita zubiak eta ibaiaren beste aldea ere. Kosta zitzaigun dantza lekura barneratzea.

    Eta gauza guztiak alde daudenean ezin hutsik egin. Eguraldiak, aukeratutako tokiak, hurbildutako lagun senide eta ezezagunek emandako berotasunak konbinazio ezin hobea eman zioten Itsas Lapurren emanaldia den bezain indartsu, erakargarri eta ikusgarri eskeintzeko.

    Berriz ere pozik. Andoaingo udalari, Garbiñe eta Patriri, horrela jarrai dezazuela, dantza zabaltzeko lanean.

    Mila esker!

  • Itsasontzi batean akaso? Nork daki!

    Itsasontzi batean akaso? Nork daki!

    Otsailak 6 Larunbata. Hartzaro Festibala, Ustaritz

    Arratsaldeko ordubi terdiak ziren Ustaritzeko Kiroleta frontoira iritsi ginenerako. Han zen Anartz, beti bezela goizetik joana zen argi eta soinuari dagokiona prestatzera. Ondo joan zitzaion goiza eta bertako teknikariekin batera dena prest zuten.

    Berehala entsaiorako eszenografia antolatzera abiatu ginen. Kutxaren bateria prest utzi, kriseiluko kandela, sarea…guzti hau ere Peiok goizetik eramana zuen bertara.

    Beste bi talderekin elkar banatzen genuen oholtza arratsalderako aurre ikusita zegoen ikuskizunean. Bilbotik, Olaeta Ballet elkartea. Eta Pautik, Aintzindariak – Maule eta Dju-Dju. Bai, oholtza esan det… Lehen aldia zen Itsas Lapurrak oholtza gainean egingo genuela. Ordurarte, horretarako sortua izanik, kaleko lurrean eskeini bait genuen beti. Esperimentu ederra egitera gindoazen…

    12670594_1692567750954965_9059107653029186887_nOholtzaren inguruan zebiltzan luxuzko bi laguntzailerekin joan ginen bertara. Iurre, gure produkzio, komunikazio eta beste hainbat lanen arduraduna eta Iker Murillo, gure lagun eta dantzaria, edozertan laguntzeko prest.

    Arratsaldeko saioa amaitzeaz arduratu ginen. Egia esan gustora. Oholtzako linoleo gainean dantzatzea lurrean egitea baina xamurragoa da. Eta agertokia argiztatzeko prestatuago izanik ere presentzia berezia hartu zuten argi eta keak.

    12645119_1692567740954966_4362478019644888495_nIkusleak pozik eta baita gu ere. Esperimentu baikorra izan zen. Aurrerantzean antzoki edo agertoki batean egiteko aukera proposatu ezkero, badakigu nola egin. Beti ikasten da zerbait lanbide honetan. Ea hurrengo erronka zein den Itsas Lapurrentzat…itsasontzi batean akaso? Nork daki!
    Mila esker Herri soinuko laguneri berriz ere Hartzaro Festibalean egoteko aukera emateagatik. Zorionak jaialdiaren hogeigarren urteurrenagatik. Urte askoan jarrai dezazuela!

    Eta zorionak ere Haatik osatzen dezuen guztiori, berriz ere lan bilkaina!

  • Egitasmo berria

    Egitasmo berria

    DSS2016ko egitarau barnean, Ereiten Kultur Zerbitzuak, David Zapirain eta Koldo Almandoz gidatzen ari diren Hormak Diote ekimenaren barnean, horma ezberdinetan mural artistikoak eraman dituzte aurrera pasaden udazkenean.  2016ko udaberritik aurrera zenbait ekimen kulturalen eszenatoki bihurtuko dira horma horiek. Helburu honetan, Haatikek espazio eta artelan horietan oinarriturik, bizikidetza gaia oinarri izango duten bost sorkuntza eramango ditu aurrera.

    IMG_0825
    Pascal Gaigne, Ramon Garcia eta Iker Arrue proiektuaren hasierako bilera batean.

    Elkarbizitzan oinarritutako pieza horiek aurrera eramateko, Haatikeko dantzariez gain, Pascal Gaigne musikagileak espreski sortuko du musika. Vitali Safronkine, Iker Arrue eta Aiert Beobide izango dira koreografiak sortuko dituztenak eta Ramon Garcia Jantzi eta estilismoaren arduraduna.

    DSC00690txiki
    Iker Arrue (Ai Do Project) Urtarrileko lehen egunetan konpainiarekin egindako egonaldian.

    Pareta bakoitza izango da ezberdin eta berezia. Bai koreografia eta bai musika batetik, horma horietan aurrera eraman diren ekintza artistikoaren kontzeptu eta motibazioak izango bait ditu inspirazio iturri. Eta bestetik, pareta aurkitzen den auzo edo inguruko hiritarren berezitasunak eta baita bertan aurkitzen diren aukera arkitektoniko eta hiri altzarietaz baliatzeko asmoa bait du.

    vitalirekin_elkarlanean
    Vitali Safronkine, konpainiarekin egin zuen aurreko sorkuntzan lanean.

    2015eko gabonetan hasi eta urtean zehar aurrera eramango diren bost piezak, ekaina amaiera eta uztailean eskeiniko dira.

  • Errimak Oinetan, Bilbon

    Errimak Oinetan, Bilbon

     

     

    Datorren Azaroaren 20ean, ostirala, arratsaldeko 20tan Errimak Oinetan ikuskizunaren beste emanaldi bat eskeiniko degu Bilboko erdialdean kokatua dagoen BBK areto ederrean.

    Ikuskizunak herriz-herri denbora daraman arren, eta nahiz eta berrogei emanalditik gora egin, Bizkaiko lurraldean eskeini ditugun emanaldiak ez dira asko izan. Horregatik, Bilbotar eta Bizkaitar guztiak konkistatzeko esfortzu berezi bat egingo degu emanaldi honetan.

    Eta ez daude bi saio berdin…musikak, espazioak, dantzariak eta ikusleen erreakzioek egiten bait dute berezia emanaldi bakoitza. Oraingo honetan gainera, zenbait protagonista ez dira ohikoak eta honek ere  apartekoa egingo du ekitaldia.

    Saioko protagonistak (dantzariak):
    Aiert Beobide, Itziar Dohyarzabal, Anne Jauregi, Irati Sorondo eta Iker Sanz

    Azaroak 20, Ostirala Arratsaldeko 20tan Bilboko BBK aretoan.

    Sarrerak 5€ hemen.

    EO_sare_sozialak_irudia_BILBO

     

     

     

     

  • “Itsas Lapurrak” azken ikuskizuna.

    “Itsas Lapurrak” azken ikuskizuna.

    Haatik Dantza Konpainiak azken hilabetetan lanean ibili garen ikuskizun berria aurkeztu genuen asteartean Orion.  Larunbatean Bilboko Kalealdia jaialdiaren barnean beste bi saio eskeiniko ditugu.

    “Itsas Lapurrak” izena duen kaleko ikuskizuna aurkeztu berri degu Ekainaren 30ean Orioko itsasertzean. Interes handia sortu zuen emanaldiak eta herriko eta baita kanpoko jende ugari hurbildu zen emanaldiaren primiziaz gozatzera. Harrera ona, ikusleen txalo zaparrada ugarian nabaritu ahal izan zen.

    Hurrengo emanaldia  datorren Larunbatean Kalealdia jaialdiaren barnean izango degu Bilboko Areatzan. Bi saio eskeiniko ditugu, lehenengoa 19:15etan eta bigarrena 22:15etan.

    haatik_itsas_lapurrak_small

  • Sorkuntza berrian lanean.

    Sorkuntza berrian lanean.

    Haatik sorkuntza berri batean murgilduta dago. Oraingoan kalean eskeintzeko emanaldi batean lanean. Bertan, euskal herriko kostaldeetako herrien historian oinarriturik, haien bizipenak berreskuratu nahi ditugu. Portuetako bizimodu eta ohiturak, kultur eta hizkuntza nahasketak, merkataritza, arrantza…eta nola ez, Euskal Herrian ere bizitako korsaritza eta piraten mundua azaldu nahirik.

    leku_majikoa

    Euskaldunok harreman berezia izan dugu beti itsasoarekin. Nabigatzaile trebeak izan gara arrantzarako zein merkataritzarako, baina baita itsaslapurretarako ere. Zaila zen hiru jarduera horiek bereiztea. Honela, Haatik Dantza Konpainiak garai hartara bidaiatzera gonbidatzen gaitu. Dantzaren bidez gure itasertzeetako bizitza irudikatu, itsasontzien joan etorriek sortzen zuten kultura ezberdinen arteko elkarbizitza azaldu eta gizon eta emakumeen artean presentzia handia izan duten sineskerietan sakonduz.

     

    Hemen dezue aurrera eramaten ari garen piezaren aperitibo txiki bat.

    Laister zuekin…..

     

     

     

  • “Ilargiaren Malkoa” biran.

    “Ilargiaren Malkoa” biran.

    Bagoaz Konpainiaren Ilargiaren Malkoa azken ikuskizuna ikusteko agenda prestatzen.

    Aurreratu ditzakegun datak hauek dira:

    Maiatzak 2, Irun. Amaia Kultur Zentroan info+

    Urriak 9, Andoain. Bastero Kulturgunea info+

    Azaroak 27, Elorrio. Arriola Antzokia info+

  • Mila esker 2014 eta ongi etorri 2015

    Mila esker 2014 eta ongi etorri 2015

    web_haatik_dk_09

    2014 urtea biziki bizi izan dugu ere…

    Konpainia lau urte besterik betetzera ez doan arren, gertakari ugari ari gara bizitzen ordundik. Azken urte honetan entsaio gunea aldatu degu Dantzagunearekin batera. “ErrimakOinetan” ikuskizunak bere oparotasuna izaten jarraitu du eta egin degun emanaldi bakoitza sentimendu koktel berri bat izan da. Ilargiaren Malkoa proiektu berria estreinatu dugu, bertan gure sentimendu guztiak jarriz. Eta honek  bultzada eder bat ekarri digu konpainiari.

    Dantzari batzuek eskenatokieri agurra eman diete eta beste berri batzuk gehitu zazkigu ere gure familian. Pixkanaka konpainia bere tokia hartzen doa eta proiektu berriak martxan jartzen goaz…
    Ez dakigu zer ekarriko digun 2015ak, baina argi dugu kantatu, barre egin, dantzatu , negar egin, eta biziki biziko dugula une bakoitza!

    Mila esker 2014 eta ongi etorri 2015.
  • Mila esker!!!

    Mila esker!!!

    web_haatik_dk_08

     

    Ufffff. Nolako lasaitua hartu degun… Azkeneko hiru astetan harrapatuta gintuen zurrunbiloa amaitu da. Eta balantze oso positiboarekin gainera!!

    Bostehun pertsonek izan zuten Ilargiaren Malkoaren estreinaldiaz gozatzeko aukera, eta guretzat hau izugarria da. Plazer handi bat izan zen gure sentimentu guztiak zuekin konpartitzea. Ziur gaude denok betirako gordeko ditugula une horiek.

    Ezin gara ahaztu lan hau webgune, aldizkari, irrati, egunkari eta telebista bidez zabaltzen lagundu diguzuen guztioi…

    Ezta ere estreinaldia Tolosan egitea posible egin duen Tolosako Udala eta Leidorreko langileak.  Azken asteetan ekipo berdinean jokatu eta lan egin degunaren sentsazioa izan degu.

    Betirako eskertuko ditugu proiektu honetan borondate guztiz eta profesionaltasun osoz bere partea jarri duten: Beñat Gantxegi eta Izaskun Bernedo, gure lehen bideo-dantzaren grabazio, errealizazio eta edizioan egindako lan sinestezinagatik. Anartz Beobide, emanaldiaren argiztapen diseinua gogo biziz aurrera eraman eta behar zen denbora guztia inbertitzeagatik. Ramon Garcia, jantziak arte-lan bihurtu eta bere esperientzia guri transmititzeagatik. Olatz Beobide, iluntasunean argia aurkitzen lagundu eta proiektu honetan hasieratik sinisteagatik. Eta Iurre Aranburu, gure irudia milaka aldiz hobetu eta gure parterik onena erakusten jakiteagatik.

    Konpainiaren zutabeak sendotzen lagundu dezue. Pertsona itzelak eta profesional hobeak zarete!

    Eta zer esan Vitali Safronkine eta Iker Murilloz…, gure bizitzako ametsik onenean ez genuke horrelako opari bat jasoko. Atximurka egin gara eta guzti hau benetakoa dela ezin sinistu jarraitzen dugu. Betirako zorretan gaude egindako koreografiagatik.

    Ez, ez ditugu protagonistak aipatu gabe utziko… Hasteko, ostiralean oholtza gainean egon ez baina entsaio guztietan gurekin egon den Nerea Ezenarro. Batzuetan sentitu ere egiten ez zaion arren, oso langilea eta etorkizun handia izango duen Jon Arsuaga. Aho zabal eta masailak malkoz bustitak utzi zigun Irati Sorondo. Goxo bezain sentibera den Anne Jauregi. Gauza askotan egonda ere proiektu honi behar zuen garrantzia eman dion Iker Sanz. Amaiur Luluaga inkonformista eta energia handiko dantzari bikaina. Irribarre eta presentzia inbidiagarria duen Itziar Doyharzabal. Garazi Lekuona, bere gaztetasunean duen esperientzia eta ibilbide nabarmenarekin. Eta zer esan Aiert Beobidetaz, aspaldi ikusi genuen hegan eta orain guztiak bere hegalpean babestu eta zaintzen dituena.

    Lan, izerdi, eta sakrifizioak izan zuen behar bezelako saria. Eta hau hasi besterik ez da egin. Guzti hau zabaldu egin behar dugu, erakutsi, sentitu eta sentiarazi. Oso ondo dantzatu eta antzezten dezuelako, ikusleei emoziak sentitu arazi zenizkietelako eta hobetzeko lanean jarraituko duzuelako… ZORIONIK beroenak!

    Mila esker guztioi bihotz bihotzez!!! Hegan egiteko indarra hartu dugu eta horrela egingo dugu ziur!!!!